Udaberri festa egingo dute Albizturren Asteburu honetan, hilaren 12tik 14ra bitartean. Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, lehen egunetik azkenera denetariko jarduerak antolatu dituzte herritarrek festaz goza dezaten. Ekintza horien artean, frontenis txapelketa, olinpiar jokoak, afari herrikoia, ardo dastaketa eta bertako ekoizleen azoka dira ekimen potoloenak.
Ekimena
Udalarekin elkarlanean aritu den arren, nagusiki Albizturko Festa Batzordea aritu da egitaraua antolatzen eta, Larraitz Eceiza kideak azaldu du “herritar guztientzako” ekimenak antolatzea izan dutela helburu nagusitzat. “Izan udaberriko festetan zein herriko festetan; adin guztientzako eskaintza prestatzen saia-tzen gara”, azaldu du Eceizak. Hori horrela, egitarauko zenbait jarduera egokitu dituzte adin ezberdinetako herritarrek parte har dezaten, horren adibide dira frontenis txapelketan adinaren araberako lehiak eta olinpiar jokoak prestatzea bi adin tartetarako: ariketa batzuk hamaika urte bitarteko haurrentzat; eta, beste batzuk, adin horretatik aurrerako herritarrentzat.
Berritasunak
Egitarauari begira, ordea, berritasun nagusi bat izango da, Eceizak nabarmendu duenez. Izan ere, aurten lehenengoz, bertako ekoizleen azoka egingo da. Eskualdeko zein inguruko ekoizleengana jo dute antolatzaileek azokako postuak osatzeko eta, antolatzaileen hitzetan, bertako ekoizleen zein produktuen “aldeko apustua” egitea izan da helburua. Gainera, azokaren inguruan hitz egiten, Eceizak nabarmendu nahi izan du ekoizleak ez direla janariaren alorrekoak bakarrik izango. “Herrikoa izanda Ogiona okindegia gonbidatu dugu, eta baita janariaren arloko beste zenbait ekoizle ere. Hala ere, azokan denetik egiten duten ekoizleen produktuak egongo dira: poltsak, arropa, pitxiak...”, baieztatu du. Igandean ospatuko dute azoka, eta aldi berean egingo dute bigarren ardo dastaketa ere.