Gastronomiaren sektoreko 250 profesional baino gehiago bilduko dira datorren ekainaren 2an Getarian, Euskal Gastronomiaren Topaketaren laugarren edizioan. Topaketa amaitzeko, itsasoan oinarritutako azoka egingo da Elkano Arrantzaleen Kofradian eta portu-ingurunean.
Balenciaga Museoa izango da gainerako jardunaldiaren egoitza. Jardunaldiaren helburua "komunitate gastronomikoa indartzea eta Euskadiko tradizioa eta bertako produktua balioan jartzea" da, eta "pertsonen arteko loturak sakontzeko aukera paregabea da, euskal gastronomiaren garapen jasangarrian nabarmen lagunduz".
Oraingo honetan, "bere ingurunearekin, identitatearekin eta itsas biodibertsitatearekin are konprometituagoa dagoen gastronomia posible ote den" izango dute hizpide Mantalak, Basque Culinary Centerren ekimenak eta ekitaldia antolatzen duen Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak.
Parte hartzen duten sukaldariak
Aitor Arregi (Elkano), Igor eta Julen Arregi (Kaia Kaipe), Julen Baz (Garena), Martín Berasategui (Martin Berasategui), Edorta Lamo (Arrea), Ane Lore Lasa (R), Dani Lasa (Ama Brewery), Belén Sandrín eta Jokin Loma (Añana Jauregia) eta Gorka Rico eta Javi Rivero (AMA) sukaldariek parte hartuko dute topaketan.
Lehen edizioari, 2022an Donostian egindakoari, Basque Culinary Centerren, 2023an Urdaibain (Bizkaia) eta joan den ekitaldian Arkautin (Araba) antolatutakoek jarraitu zioten.
"Berrikuntza eta konpromiso soziala"
Lehen urte horretatik, 300 profesional baino gehiagok "sektorearen aniztasuna balioan jarri dute, eta zintzotasuna, lurraldearekiko lotura, berrikuntza eta konpromiso soziala aldarrikatu dituzte".
"Ibilbide horrek guztiak gastronomia, kultura eta lurraldearen arteko zubiak eraikitzen jarraitzearen garrantzia berresten du, komunitate gero eta kontzienteagoa eta konprometituagoa bultzatuz", nabarmendu du Mantalak.