Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek iragarri du Lurraldebuseko E20 (Hondarribia/Donostia), E26 (Irun/Donostia N-I), E27 (Hondarribia/Donostia N-I) eta E77 (Hondarribia/Donostia gauez) lineek geltoki berriak izango dituztela GI-636 errepidean, Gaintxurizketan, sarbide segurua izango duten geltokiekin.
Geltoki berri horiei esker, erabiltzaileek ez dute 2 kilometroko itzulingururik egin beharko etxera joan ahal izateko, ezta hiru erreiko errepide bat gurutzatu ere. Foru Aldundiak gogorarazi du hau dela Gipuzkoan istripu gehien dituen errepideetako bat.
Lehenbailehen
Mugikortasun diputatua Lezoko alkate Mikel Arrutirekin bildu da ostegun honetan, baita auzo plataformako ordezkariekin ere, martxan jarriko diren geltoki berri hauen kokapena erakusteko. Zeregin hori Bide Azpiegituretako Departamentuarekin koordinatzen ari da.
Zehazki, espazio seguru bat egokitzen ari dira Perrene auzoan, Muebles Reyren aurrean (Hondarribirako norabidean) eta Errekalde bailaran, Euskotrenen geralekutik metro gutxira (Donostiarako norabidean), eta sarbidea izango dute GI-636 errepidearen gainean jarri den oinezkoentzako pasabidera.
"Sarbide segurua"
"Garraio publikoak jasangarria eta herritar guztientzat eskuragarria izateaz gain, sarbide segurua izan behar du pertsona guztiek erabili ahal izateko. Gaintxurizketa inguruan jarriko ditugun geltoki berriekin aurrerapauso kualitatibo handia emango dugu, bizilagunak Lurraldebuseko zerbitzuetara sartu ahal izan daitezen, intermodalitatea erraztuz, kasu honetan Euskotrenekin", nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie bizilagunei bide sareko puntu horren "segurtasuna hobetzeko erakutsi duten jarrera laguntzaileagatik eta inplikazioagatik".
Mikel Arruti Lezoko alkateak adierazi du "aurrerapausoa" izango dela, eta gogorarazi du "orain arte Gaintxurizketako herritar guztientzako autobus geltoki bakarrak biribilgunearen inguruan egon direla, irisgarritasunean eta segurtasunean deserosoa den eremu batean". "Geltoki berriekin irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeaz gain, segurtasuna bermatuko zaie Gaintxurizketan bizi eta lan egiten duten pertsonei", nabarmendu du.
Intermodalitatea
Bestalde, Asensio Biaña Gaintxurizketako bizilagunen elkarteko ordezkariak geltoki berrien kokapena baloratu du, "Euskotrenekin konektatu ahal izateko, intermodalitatea sustatuz, oso beharrezkoa baita inguruko bizilagunentzat". "Behin-behineko pasabidea eta behin betiko pasabidea martxan jartzeko lanak gertutik jarraituko ditugu, mugikortasun murriztua duten pertsonen irisgarritasun-eskakizunak bete beharko baititu", esan du amaitzeko.